Eusko Jaurlaritzak urriaren 21ean beste epe berri bat irekiko du COVID-19ak eragindako enpresen eta autonomoen kaudimenari laguntzeko zuzeneko laguntzetarako eskabideak aurkezteko. Epe berri hori 2021eko azaroaren 9ko 12:00etan amaituko da.
Hala jasotzen da gaur Gobernu Kontseiluak onartutako aldaketa-aginduan, eta ekainaren 29an onartutakoarekin alderatuta zenbait berrikuntza jasotzen ditu.
Berrikuntza horiek Gobernu zentralak irailaren 14an onartutako arau juridikotik datoz (17/2021 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrena). Autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen Covid lerroaren xedean eta aplikazio-eremuan aldaketak egiten dira, laguntzen eragin dinamizatzailea maximizatze aldera, eta laguntzek estalitako denbora-eremua luzatu eta arauaren zenbait alderdi argitzen dira.
Horrela, lehenik eta behin, laguntzen estaldura epea lau hilabetez luzatu da, maiatzaren 31tik irailaren 30era arte. Bigarrenik, Europar Batasunaren Aldi Baterako Esparruan aurreikusitakoarekin bat egin du, eta COVID19ren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako Estatuko laguntza-neurriei dagokienez, laguntzak zertarako erabil daitezkeen kontuan hartu du. Zentzu honetan, argitu du, laguntza horiek edo beste batzuek jada estali ez dituzten kontabilitate-galerak, egindako kostu finkoen kontzeptuaren barne sartzen direla ere.
Finantza-egitura alde batera utzita, galerek enpresen ondare garbiaren murrizketa islatzen dute, eta, beraz, koherentea da horiek konpentsatzeko laguntzak bideratzea, bide batez sortutako obligazioak eta zorrak estali ondoren, enpresa-kaudimena indartu, ekonomiaren susperraldia, inbertsioa eta enpleguaren sorrera erraztuz.
Berritasun horiek sartzeko, egokiagotzat jotzen da lehendik dagoen deialdi-aginduaren oinarriak aldatzea, eskabideak aurkezteko epea berriro irekiz, gaur Gobernu Kontseiluak onartutako dokumentuan jasotzen den bezala. Aurreko epea irailaren 30ean amaitu zen.
Iturria: Irekia