Sopelako Udalak kanpaina bat jarri du abian, udalerri barruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan lan egiten duten eta/edo sopeloztarrei zuzenduta dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta elkarteek garatzen dituzten jarduerak babesteko. Guztira, 10.000 euro bideratuko dira.
Eskaerak aurkezteko epea irailaren 6an irekiko da eta 17ra arte luzatuko da. Eskabide horiek bide telematikoz aurkeztu beharko dira Udalaren egoitza elektronikoan (https://sopela.egoitzaelektronikoa.eus).
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko programatzat eta/edo jardueratzat hartzen dira Sopelako udalerrian egiten diren eta emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunak gainditzea helburu duten jarduerak. Diruz lagunduko dira honako helburu hauek dituzten jarduerak eta proiektuak:
– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren inguruko kontzientzia hartzea sustatzea
– Genero-estereotipoak eta -rolak gaindi daitezen sustatzea
– Emakumeen ahalduntzea sustatzea.
– Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean informatzeko, sentsibilizatzeko, prebenitzeko eta jarduteko jarduerak eta proiektuak egitea.
– Emakumeek hainbat eremutan duten parte-hartzea ikusaraztea eta baloratzea.
Diru-laguntzak ohiko jardueratik eratorritako gastuetarako erabiliko dira, hau da, erakunde eskatzailearen ohiko funtzionamendu-programaren parte direnetarako.
Oro har, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean (biak barne) egiten diren jarduerak finantzatuko dira deialdi honetan.