Elkargo profesionalen, enpresa-elkarteen eta zerga-aholkularitzaren arloko elkarteen ekarpenak jaso ondoren, Foru Ogasunak komenigarritzat jotzen du Batuz derrigorrez aplikatzeko ezarritako epea malgutzea. Beraz, epe hori 2024ko urtarrilaren 1era arte atzeratuko da eta Batuz 2022an edo 2023an ezartzen duten autonomoentzat, mikroenpresentzat eta ETEentzat %15erainoko konpentsazioa ezarriko da PFEZn edo Sozietateen gaineko Zergan. Gaur arte Foru Ogasunak 42 prestakuntza-jardunaldi egin ditu Batuzi buruz, eta 6.100 profesionalek parte hartu dute. Ogasuneko bulego birtuala, BizkaiBai, urtebete beranduago itxiko da zergadunak Foru Aldundiaren egoitza elektronikora pixkanaka egokitzen joan daitezen.
Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko enpresek eta profesionalek Batuz nahitaez ezartzeko 2022ko urtarrilaren 1erako ezarritako epea aldatzeko proposamena helaraziko die Batzar Nagusiei. Aldaketaren helburua epe hori 2024ko urtarrilaren 1era aldatzea eta ordura arte sistema borondatez hatzeko pizgarri berriak ezartzea da.
Proposatzen den konpentsazioa handiagoa izango da Batuz ezarri ahala eta 2022an eta 2023an Batuz ezarriko duten langile autonomoek, mikroenpresek, enpresa txiki eta ertainek baino ezingo dute jaso. Batuz borondatez hartzea hiruhileko bakoitzaren hasieran egin beharko da eta horretarako ad hoc erregistro batean inskribatu beharko da.
Konpentsazioaren progresibitatea honako taula honen arabera ezarriko litzateke:
2022ko urtarrilaren 1etik Batuz ezartzen duten pertsonek zerga-oinarriaren %15eko murrizketa izango dute PFEZn edo SZn 2022ko eta 2023ko ekitaldietan.
2022ko apirilaren 1etik aurrera, konpentsazioa %13koa izango da 2022an eta 2023an.
2022ko uztailaren 1etik aurrera, %11koa 2022an eta 2023an.
2022ko urriaren 1etik aurrera, %9koa 2022an eta 2023an.
2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, %5ekoa 2023an.
2023ko apirilaren 1etik aurrera, %4koa 2023an.
2023ko uztailaren 1etik aurrera, %3koa 2023an.
2023ko urriaren 1etik aurrera, %2koa 2023an.
Konpentsazio horiek PFEZren zuzeneko zenbatespen sinplifikatuan justifikazio zaileko gastuen koefizientea aplikatu aurreko errendimenduaren gainean edo mikroenpresen konpentsazioa aplikatu aurreko oinarriaren eta Sozietateen gaineko Zergan emaitza aplikatzearen arloko zuzenketen gainean aplikatuko dira.
Era berean beste bi urtez luzatuko da, 2023ko abenduaren 31ra arte, profesionalak edo enpresak bere sistema informatikoak Batuzera egokitzeko egiten dituen gastuen %30eko kuota-kenkaria, bai eta horretarako ekipo berriak erosi behar dituenean ere.
Proiektu estrategikoa Bizkaiarentzat
Aldundiak dagoeneko hasi du proposamen hau Batzar Nagusietara eramateko tramitazioa. Proposamena azken hilabeteetan egindako azterketaren emaitza da eta gogoetetan kontuan hartu ditu elkargo profesionalen, enpresa-elkarteen eta aholkulari fiskalen elkarteen ekarpenak, horiek egoera ekonomiko normalizatu batean sistema berrira egokitzeko epe luzeagoa izateko beharra adierazi dutelako.
Beraz, proposamen honen helburua Batuzen borondatezko ezarpena sustatzea da, iruzur fiskalaren aurkako borrokan Bizkaiko proiektu estrategiko gisa, pandemiaren ondorio ekonomiko txarrenak jasaten ari diren enpresa eta profesionalei betebehar erantsirik ezarri gabe.