Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak parte hartu dute Bizkaiko erosketen atari berria zabaltzeko ekitaldian. www.eup.eus webguneak aukera ematen du erosketak online egiteko eta eskaerak etxean jasotzea edo bila joatea aukeratzeko. Dagoeneko 400 saltoki gehiagok eman dute izena plataformarekin bat egiteko.
Bizkaiko erosketa atariak ateak ireki ditu igande honetan www.eup.eus webgunean, plataformari atxikirik dauden lurraldeko lehen 210 saltokiekin. Sektore guztietako saltokiak dira, baita artisautza arlokoak ere, eta guztiek jaso dute aholkularitza eta prestakuntza online plataforma jendaurrean jarri aurretik. Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak dituen webguneak 3.500 produktu inguru eskaintzen ditu dagoeneko. Ehungintza, teknologia, altzariak, dekorazioa…; berbarako, atari honetan txirrindularitzako txapeldunaren bizikleta eskura daiteke, eta bai Rafael Albertik sinatutako liburu bat ere. Hainbestez, behar den eta nahi den guztia posible da eup! atarian. Horrezaz gainera, erosleak erabaki dezake produktua jaso nahi duen edo denda fisikoan jaso nahi duen, eta itzulketak doakoak dira.
Eup! ataria eguerdian jarri da abian Bilboko Kale Nagusian, eta bertan izan dira lehenengo saltzaile eta merkatariak, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Xabier Sagredo BBK-ko presidentea. Hareekin batera, Ekonomia Sustapenerako diputatu Ainara Basurko eta BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasola ere izan dira. Bi erakundeek sektorearekin, merkatarien elkarteekin eta Merkataritza Ganberarekin batera lan egin dute azken hilabeteetan erronkei aurre egiteko eta tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko proiektu bat abian jartze aldera; horretarako tokiko merkataritza-arloa plataforma digital batez hornitu dute, bertako produktuak kokatzeko xedea duena.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak tokiko merkataritzak digitalizazioaren arloan egiten duen urrats garrantzitsua azpimarratu du, hurbiltasunak eskaintzen duen berme eta konfiantzatik lehiakorragoa izateko urratsa alegia: "Eup! Ataria benetan lehiatzera dator, Bizkaiko saltokien punta-puntako plataforma digital bat da, behar dugun edozein produktu behar den moduko bermearekin, erosotasunarekin eta azkartasunarekin erosteko. Eta balio erantsi izugarria du: Bizkaiko tokiko merkataritzaren hurbiltasuna, konfiantza eta kalitatea. Izan ere, gure herrietan bizi eta lan egiten duten profesionalek, gure herriak jardueraz eta bizitzaz betetzen dituztenek egiten dute posible xede hau. Eup! atarian erosiz gero, gainerako plataformen zerbitzu eta erosotasun berberak ditugu, baina hemengo jendeari ere laguntzen diogu. Hemengo dendei. Hemengo herriei. Eup! atarian erosita denok laguntzen diogu elkarri, proiektu bakar baten parte gara-eta", azpimarratu du Rementeriak.
Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak merkataritzaren inplikazioa eta lurraldeko kontsumitzaileen konplizitatea eskatu ditu Eup! atariaren arrakastari laguntzeko. "Hau hasiera besterik ez da. Gauzak egiteke daude. Erronka handiak ditugu aurrean: saltokiok abian jarri dizkizuegun tresnak ezagutu eta aktibo mantendu beharko dituzue; herritarrek plataforma ezagutu beharko dute, tokiko merkataritzarekiko konpromisoa erakutsi beharko dute eta esperientziak etorkizuna izan dezan behar dugun konplizea izan beharko dute. Nahiago dut Internet bidez erosi, azkarragoa da-eta. Ba, ez. Dagoeneko ez dute halako aitzakiek balio. Izan ere, produktu eta zerbitzu lehiakorrak eskaintzen ditugu, eta, horrezaz gainera, iraunkorrak, edozein plataforma teknologiko handiren parekoak, baina lurraldearekiko, pertsonekiko eta Bizkaiko ongizatearekiko konpromiso handiagoa hartuta".
Eup! ataria merkataritza-gune handi bat da, sektore guztietako dendak dituena, non produktuak modu eroso eta intuitiboan bilatu eta alderatu, transakzio seguruak egin eta gure erosketak etxean jasotzeko edo bila joateko modua aukeratu daitekeen. Hori guztia tokiko merkataritzak baino ezin eskain dezakeen hurbiltasuneko ingurune batetik. Merkataritza-gune digital horrek, gainera, Bizkaiko jarduera eta enplegua dinamizatzen laguntzen du, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienarekin, hurbileko logistika-sare iraunkorren erabilerari esker.