CECOBI Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioak kanpaina bat jarri du abian artisautzaren sektorea sustatzeko eta ikusarazteko Gabonetako erosketei begira.
CECOBIk, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Bizkaiko lurralde historikoan artisautzaren sektorea garatzeko eta indartzeko konpromisoa hartu dute. Hori dela eta, "#ArtisautzaEtaGehiago" kanpaina jarri dute martxan. CECOBIk azaldu duenez, "Bizkaiko artisautza sektorea ikusaraztea eta bertako dendetan erostea" da ekimenaren helburua.
Pedro Campo presidentearen ustez, artisautzaren sektorea "tokiko merkataritzaren eskutik joan daiteke, produktuaren eta zerbitzuaren hurbiltasunari eta kalitateari dagokienez balioak partekatzen baititugu".
Kanpaina sare sozialetan izango da ikusgai, gabonekin batera, eta Bizkaiko artisautzaren alderdi bakarrak nabarmenduko dituzten mezuak bilduko ditu: mimoz, gustuz eta dotoreziaz diseinatutako benetako objektuak, bizitza, naturaltasuna, desberdintasuna eta nortasuna dakartenak.