Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait sektoretako 900 saltoki baino gehiago atxiki zaizkio arbitrajeko euskal sistemari azken bi hilabeteotan. Hortaz, gero eta saltoki gehiagok erabakitzen dute sor daitezkeen kontsumo-gatazkak azkar eta kontsumitzaileentzat dohainik konpontzea.
Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak arbitrajeko euskal sistema indartzeko urtero egiten duen kanpainaren emaitza dira atxikipen horiek—kanpaina horrek Europako finantzaketa du—.Sistema horri atxikitzearekin, saltokiek kontsumitzaileekin konpromisoa hartzen dute eta eskaintzen duten zerbitzuari kalitate- eta erantzukizun-plus bat gehitzen diote. Kontsumo-arbitrajea gatazkak konpontzeko sistema bat da, eta, sistema horren bidez, bi aldeak, saltzaileak eta kontsumitzaileak, haien borondatez jartzen dira arbitraje-epaile baten erabakiaren mende. Arbitraje-epaile horrek ebazpena ematen du, arbitraje-laudo deritzana, eta bi aldeek nahitaez bete beharko dute ebazpen hori.
Atxikitako 900 saltoki baino gehiagotik, 61 eraikuntza-enpresak dira, 59 ibilgailuak konpontzeko eta erosteko tailerrak, 53 altzari-dendak, tapizeriak, lanpara- eta dekorazio-dendak, 41 optika- eta audifono-dendak, 38 akademiak eta autoeskolak, 38 informatika-dendak eta 37 aseguru-etxeak. Atxikitako 902 saltokiak osatu arteko gainerakoak askotariko sektoreetakoak dira: bitxi-dendak, albaitaritzak, abokatu-bulegoak, konponketa-zerbitzuak, tindategiak, kirol-dendak, garbiketa-zerbitzuak, arkitektura-zerbitzuak edo argazki-dendak, besteak beste.
Kontsumobidek kontsumitzaileei gogorarazi nahi die arbitrajeari atxikitako enpresa guztiek ikusgai duten atxikipen-eranskailua merkataritzari buruzko informazio gehigarria ematen duen bereizgarri bat dela. Balioa eman behar zaio konpromiso horri, konpromiso horrek beste arrazoi bat ematen baitie kontsumitzaileei kontsumo arduratsuarekin konprometitutako saltokiak aukeratzeko. Era berean, atxikitako saltokiak zein diren jakin daiteke Kontsumobidek bere web-orrian eskaintzen duen bilatzaile espezifikoari esker.
Iturria: Irekia Eusko Jaurlaritza