Bilbori dagozkion bonuak salgai jarri ziren egun berean saldu ziren, Eskuinaldea, Plentzia-Mungia eta Gernika-Bermeokoak gaur eguerdian amaitu dira, eta Durangaldea, Arratia-Nerbioi eta Markina-Ondarroakoak eta Ezkerralde, Meatzalde eta Enkarterrikoak arratsaldean zehar. Bonuak 2021eko maiatzaren 31ra arte erabili ahal izango dira.
Salgai jarri eta bi egunera, 100.000 Bizkaia Bonu Dendak agortu egin dira. Lehenengo, Bilboko 30.090ak amaitu ziren, eta atzo arratsaldeko azken ordurako jada salduta zeuden. Gaur, berriz, Eskuinaldea, Plentzia-Mungia eta Gernika-Bermeoko 22.900 bonuak saldu dira eguerdian, eta Durangalde, Arratia-Nerbioi eta Markina-Ondarroako 21.530ak eta Ezkerralde, Meatzalde eta Enkarterriko 25.480ak arratsaldean zehar.
Bizkaiko Foru Aldundiak Cecobi, Bizkaidendak, Bilbaodendak eta Bilboko Merkataritza Ganbera erakundeekin batera bultzatutako deskontu-bonu horien bidez, lurraldeko eskualde guztietako merkataritza, irudi pertsonalaren sektorea eta artisautza suspertu nahi dira. Horrela, kontsumitzaileek 15 euro ordaintzen dute bonu bakoitzeko, eta 30 euroko gastua egin ahal izango dute kanpaina honi atxikitako edozein establezimendutan. Oraingoan, bi berezitasun ditu:
- Bi sektore berri sartu dira, irudi pertsonalarena eta artisautzarena, horiek ere une zailak igarotzen ari baitira. Hala, bonuak trukatu ahal izango dira mota guztietako produktuen txikizkako merkataritzan aritzen diren establezimenduetan (elikagaigintzakoak barne), garbitegietan eta tindategietan; ile-apaindegietan, edertasun-areto eta -institutuetan, estetika-kabineteetan, argazki-zerbitzuetan eta Bizkaiko Artisautza Erregistroan sartutako artisautza eta artisauen establezimendu eta tailerretan.
- Bonu horien erabilera orekatzeko eta kontsumoaren eragin dinamizatzailea Bizkaiko eskualde guztietara heda dadin lortzeko, Bizkaia Bonu Denden banaketa bat ezarri da, gure lurraldeko hainbat eremuri dagozkien lau bloketan, eta kontsumitzaileek aukeratu beharko dute zein eskualdetan egingo dituzten erosketak bonuak erosi dituzten unean, eta soilik trukatu ahal izango dituzte aukeratutako zonetako establezimenduetan.
Bizkaia Bonu Dendak bateragarriak dira erakundeek martxan jartzen duten beste edozein bonurekin; beraz, erosketan metatu ahal izango dira, baldin eta Bizkaia Bonu Denda bakoitzak gutxienez 30 euroko erosketa-zenbatekoa badu. Bonuak 2021eko maiatzaren 31ra arte trukatu ahal izango dira.