Bonuak 5, 10 edo 20 euroko deskontuetan oinarritzen dira modalitate desberdinetan: turismoa, ostalaritza eta merkataritza
Turismo, Merkataritza eta Ostalaritzako sailburu Sonia Pérez Ezquerrak, Gobernu Kontseiluaren aurrean, atzo aurkeztu zituen aginduak, turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreetara bideratutako bonuak martxan jartzen dituztenak, COVID19 pandemiaren ondorioak arintzen laguntzeko. Bonuak Aldundiekin, hiriburuetako Udalekin eta EUDELekin koordinatuko dira, eta izen hauek hartu dituzte: “Euskadi Turismo Bonua” eta “Euskadi Bonodenda”.
Atzo onetsitako aginduak aurrerapauso bat gehiago dira suspertzeko aldi honetan eta helburutzat dute krisiak gogorren jo dituen sektoreak suspertzea, baita familietan kontsumoa aktibatzen laguntzea ere, haiek ere krisiak erasan dituela kontuan hartuta. Merkataritzaren, jatetxeen, ostalaritzaren eta turismoaren jarduera dinamizatzeko formula bat da, tokiko eremuan nahiz eskualdekoan izango dituen ondorioak bultzatuz.
Bonu horiek 18 urtetik gorako pertsona fisikoek erosi ahal izango dituzte, Euskadin bizi direnek edo beste leku batzuetatik etorrita bisitatzen gaituztenek "turismoko bonuen kasuan" enpresak atxiki ondoren ezarritako epean.
Aginduek jasotzen dutenez, bonuak deskontu-bale ereduan oinarritzen dira. Merkataritzan "“Euskadi Bonodenda”" modalitate bakar bat dago: 10 euroko deskontuak 30 euroko gutxieneko erosketetan. Lau bonura arte eskuratu ahal izango dira, guztira 40 euroko deskontuarekin gehienez. Merkataritzaren eremuko mikroenpresetara, enpresa txikietara eta ertainetara daude zuzenduta.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ekarpen hauek egingo ditu: 2 milioi euro turismoarentzat eta 3,7 milioi euro merkataritzarentzat; guztira 5,7 milioi euro, eta gainerako erakundeen ekarpenak ere gehituko dira. Guztira 620.000 bonu banatuko dira, 250.000 deskontu-bonu turismoan eta ostalaritzan, eta 370.000 merkataritzan, lurralde bakoitzaren pisu demografikoaren arabera.