Inprimaki online erraz hau izango da bide bakarra eskabidea egiteko
Atzo, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak abian jarri dituen COVID-19aren ondorioz ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eragina jasan duten langileentzako ohiz kanpoko laguntzen deialdia argitaratu zuen. Era horretan, gaurtik, asteartea 28, Lanbidek, bere web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus), inprimaki erraza argitaratuko du laguntza hauek eskatzeko aukera eskainiz.
Inprimaki online erraz hau izango da bide bakarra eskabidea egiteko. Inprimakia telematikoki bete ahalko da eta ez da identifikazio elektronikorik sartu beharko eta, hala, edozein gailutik bete ahalko da.
Deialdia uztailean, abuztuan eta/edo irailean ABEEE egoeran dauden eta urtean 20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten pertsonei zuzentzen zaie. Zehazki, hilean 150 euroko langabeziagatiko prestaziorako osagarria sortu da % 50etik gorako lanaldia duten pertsonentzat, eta hilean 100 eurokoa, % 50etik beherako lanaldia dutenentzat.
Onuradunei dirulaguntza hilero ordainduko zaie, hura eman ondoren, baina, aurretik, ofizioz egiaztatuko ditu Euskal Enplegu Zerbitzuak aldi horretan eskatzaile bakoitzari aitortutako langabeziagatiko prestazioaren iraupena eta zenbatekoa.
Lanbidek 15,46 milioi euroko aurrekontua du deialdi horri aurre egiteko. Momentu honetan, 25.000 pertsona inguru daude ABEEE (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpean) egoeran eta betetzen dute, a priori, laguntza horretara jotzeko eskakizun ekonomikoa.