Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak aparteko laguntzen deialdia onetsi du gaur, COVID-19aren ondoriozko aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baxuenak dituzten langileentzat, patronalak, sindikatuek eta Gobernuak Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren Enplegu Taldean adostu zuten bezala. Deialdi horrek laguntza horietara jotzeko bete behar diren baldintzak arautu eta haiek eskatzeko mekanismoa ezartzen du.
Zehazki, Lanbideren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) inprimaki erraza gaituko da, online, eta hori izango da bide bakarra eskabidea egiteko; inprimakia telematikoki bete ahalko da eta ez da identifikazio elektronikorik sartu beharko eta, hala, edozein gailutik bete ahalko da. Erabaki denaren arabera, eskabideak aurkezteko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2020ko urriaren 20an amaitu. Argitalpen hori uztaileko bigarren hamabostaldian egitea aurreikusten da.
Onuradunei dirulaguntza hilero ordainduko zaie, hura eman ondoren, baina, aurretik, ofizioz egiaztatuko ditu Euskal Enplegu Zerbitzuak aldi horretan eskatzaile bakoitzari aitortutako langabeziagatiko prestazioaren iraupena eta zenbatekoa.
Lanbidek 15,46 milioi euroko aurrekontua du deialdi horri aurre egiteko. Ekainaren amaieran, 37.000 pertsona inguru zeuden ABEEE egoeran eta betetzen zuten, a priori, laguntza horretara jotzeko eskakizun ekonomikoa.
Deialdia uztailean, abuztuan eta/edo irailean ABEEE egoeran dauden eta urtean 20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten pertsonei zuzentzen zaie. Zehazki, hilean 150 euroko langabeziagatiko prestaziorako osagarria sortu da % 50etik gorako lanaldia duten pertsonentzat, eta hilean 100 eurokoa, % 50etik beherako lanaldia dutenentzat.