Erregistro horri esker, interesdunek hirugarren pertsonei ematen dizkieten ordezkaritzak kudeatu ahal izango dira, Foru Aldundiaren aurrean haien izenean jarduteko.
Bizkaiko Foru Aldundiak ahalordetzeen erregistro elektroniko orokorra gaitu du. Zerbitzu horrek lurraldeko edozein herritarri aukera ematen dio aldez aurretik erregistratutako beste pertsona batek bere jarduketak eta kudeaketak egin ditzan Foru Erakunde honetan.
Zerbitzu berri horrek arindu egingo du inskribatutako ordezkaritza egiaztatzeko prozesua, eta berehala egin ahal izango da; horrela, ordezkariak ez du behin eta berriz aurkeztu behar izango ordezkaritza egiaztatzeko dokumentazioa parte hartzen duen izapide administratiboak.
Erregistroan izena ematea borondatezkoa eta doakoa da, eta aurrez aurre egin daiteke, aurrez hitzordua eskatuta, herritarrei laguntzeko bulegoetan; edo, bestela, Internetez, Foru Erakundearen egoitza elektronikoan. Azken kasu horretan, nahitaezkoa da identifikatzeko eta sinatzeko bideren bat izatea, hala nola bak, bakQ edo ziurtagiri elektronikoa.
Ahalordeak emateko eta inskribatzeko prozesua erraza eta malgua da, ordezkatutako pertsonaren beharretara egokitua. Ordezkatutako pertsonak eskatuta, eta inprimaki gidatu baten bidez, ahalordetzean jasoko diren datuak sartuko dira: ordezkatuko duen pertsonaren datuak, noiz arte ordezkatzea nahi duen, eta Foru Aldundiaren zer izapide eta zerbitzutarako ordezkatzea nahi duen. Era berean, ahalordetzearen irismenaren arabera, ordezkariak bere sinadurarekin agertu eta onartu beharko du ematen ari zaion ahalordea.
Datorren urteko udan, Foru Aldundiak ahalordetzeen erregistro elektronikoan dokumentu publikoen borondatezko ordezkaritzak, legezko ordezkaritzak eta gaitutako ordezkaritzak inskribatzeko aukera sartzeko asmoa du, bai eta entitate-baimenak inskribatzeko aukera ere, sarrien erabiltzen diren ordezkaritza motak barne hartuko dituen zerbitzu integrala eskaini ahal izateko.