- Ekonomia Sustatzeko Sailak enpresen lehiakortasuna bultzatzeko lau programa eskatzeko epea irekiko du astelehen honetan: Suspertze Adimentsua, Innobideak-Kudeabide, Txekeo Teknologikoak eta Elkarlanean.
Bizkaiko Foru Aldundiak lau programa berri jarriko ditu abian astelehen honetan, maiatzaren 10ean, Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen artean jarduera suspertzeko eta berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko. Hauek dira diru-laguntzen lau ildo berriak: Suspertze adimentsua, Innobideak-Kudeabide, Txekeo Teknologikoak eta Elkarlanean 2021 programa.
Eskabide guztiak Ekonomia Sustatzeko Foru Sailaren Bulego Birtualaren bidez egingo dira. Horretarako, beharrezkoa izango da sinadura elektronikoa izatea edo Bizkaibai zerbitzuan alta emanda egotea.
Suspertze Adimentsua programa
Maiatzaren 10etik irailaren 30era bitartean egongo da zabalik 2021 Suspertze Adimentsua deritzon foru programarako eskabidea egiteko epea; programa horrek jarraipena ematen dio Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Aurrera! Izeneko Planetik 2020an aktibatu zuen programari.
Diru-laguntza horrek 15.000 eurorainoko laguntzak jasotzen ditu, enpresek beren jarduera berraktibatzeko proiektuak gara ditzaten sustatze aldera. Hala, 2021eko Suspertze Adimentsua Programa 3 eta 100 langile bitarteko plantilla duten Bizkaiko enpresa txiki eta ertainentzat xedaturik dago, baldin eta enpresa horien jarduera industria, eraikuntza, garraio, turismo eta handizkako merkataritzaren sektoreen arlokoak badira.
Innobideak-Kudeabide Programa
2021eko maiatzaren 10etik irailaren 30era, irekita egongo da Innobideak-Kudeabide foru programarako eskabidea egiteko epea; programaren xedea enpresen lehiakortasuna hobetzea sustatzen duten kudeaketa hobetzeko proiektuei laguntzea da.
Innobideak-Kudeabide 2021 programa Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren eta hiru aldundien artean koordinaturik dago, eta Bizkaiko 5 eta 50 langile bitarteko enpresentzat pentsatuta dago, jarduera industrialak, erauzketakoak, eraldatzaileak, ekoizpenekoak, produkzio-prozesuari lotutako zerbitzu teknikoetakoak eta informazioaren eta komunikazioen gizartearen esparrukoak garatzen dituztenentzat alegia.
7.200 eurorainoko diru-laguntza kanpoko aholkularitza-enpresak kontratatzearekin loturik dauden gastuetarako erabiliko da, kudeaketa hobetzeko jarduketak gauzatze aldera.
Txekeo Teknologikoak 2021 Programa
Txekeo Teknologikoak programak Bizkaiko enpresa txiki eta ertainek berrikuntzarantz aurrera egitea sustatzen du. Laguntza industriaren, garraioaren, eraikuntzaren, turismoaren eta handizkako merkataritzaren sektoreetan jarduten duten enpresentzat xedaturik dago.
Diru-laguntza honek kanpoko agente teknologiko bat kontratatzeari dagozkion gastuen % 80 estaltzen du, enpresari erronka edo arazo teknologiko bat konpontzen lagunduko diona. Gehienezko laguntza 10.000 eurokoa da.
Eskaerak aurkezteko epea astelehen honetan, maiatzaren 10ean, hasiko da, eta 2021eko irailaren 30era arte egongo da zabalik.
Programa Elkarlanean
Elkarlanean 2021 programak 60.000 eurorainoko diru-laguntzak eskaintzen ditu berrikuntza-proiektuak lankidetzan garatzeko eta hainbat enpresaren artean garatutako negozio-aukera berritzaileen bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta legalari buruzko azterlanak egiteko. Era berean, laguntza 5 eta 100 pertsona bitarteko plantilla duten enpresentzat da, baldin eta enpreson jarduera industria, eraikuntza, garraio, turismo eta handizkako merkataritzaren sektoreetan badago.
Foru programarako eskabidea egiteko epea 2021eko maiatzaren 10ean hasi eta 2021eko maiatzaren 28an amaituko da.