-
Udalak 30.000 euro gehiago jarri ditu ekimen honetarako; iaz bezala, udaberrian eta udazkenean egingo da.
-
Bonu horiek berdintasunez banatuko dira atxikitako saltoki eta negozio guztien artean, eta 10 euroren truke 15 euroko erosketa egiteko aukera emango dute, erosketa bakoitzeko 4 tiket gehienez ere.
Barakaldoko Udalak gaur aurkeztu du udaberrian eta udazkenean garatuko den kontsumo-bonuen kanpaina. 250.000 euroko aurrekontua izango du kanpaina horrek (aurreko urtean baino 30.000 gehiago), eta ostalaritzaren, merkataritzaren eta zerbitzuen sektoreak dinamizatzeko diseinatuta dago, pandemiak bere jardueran izan duen eragin negatiboa kontuan hartuta.
Barakaldoko Bonuaren lehen fasea berehala jarriko da martxan, deialdia bihar, asteartea, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Maiatzaren 12tik 16ra bitartean, interesa duten establezimendu guztiek kanpainarekin bat egiteko aukera izango dute. Horretarako, eskabide-orria behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, Udalaren Egoitza Elektronikoan eta www.inguralde.eus webgunean eskuragarri. Maiatzaren 24tik aurrera, kanpainaren bonuak eta dinamizazio-kitak Inguraldeko bulegoetan (Aldapa 3) eta kitak banatzen laguntzen duten elkarteen egoitzetan jaso ahal izango dira. Egun horretatik aurrera, establezimenduek bezeroei bonuak eskaini ahal izango dizkiete, eta ekainaren 30era arte erabili ahal izango dituzte.
Ekimenaren funtzionamendua iazkoaren antzekoa izango da, sektoreko elkarte nagusien lehentasunen arabera. Horrela, 15 euroko balio nominala duten txartelak jarriko dira berriro kontsumitzaileen eskura, eta herritarrek 10 euroren truke erosi ahal izango dituzte. Udalak, Inguralderen bitartez, bere gain hartzen ditu gainerako 5 euroak.
Kanpaina honen onuradun izan nahi duten pertsonek lokal berean eskatu beharko dute bonoa, erosketa edo kontsumoa egiteko unean, eta, berrikuntza gisa, erosketa bakoitzeko eskatu ahal izango diren tiketen gehieneko kopurua 4ra igo da. Horrela, 40 euroko balioa duten txartelak lortu dituen pertsona batek 60 euroko balioa duen erosketa bat jasoko du.