-
Aurreko kanpainek izandako arrakastaren ondoren, udalak beste behin jarri ditu martxan BILBOKO BONUAK, eta asteazkenetik, irailaren 8tik, aurrera establezimenduek kanpainarekin bat egin ahalko dute www.bonobilbao.eus webgunean.
Covid gaixotasunak eragindako osasun-krisiak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko asmoz, Bilboko Udalak Bilboko Bonuen kanpaina berriak jarri ditu martxan. Ekimen hori 2020an eta 2021ean aktibatutako Bilbao Aurrera Planaren parte da, udal-ordezkaritza duten talde politiko guztien adostasunarekin sustatutakoa, pandemiak hirian eragindako ondorioei aurre egiteko.
Aurreko edizioak izandako arrakastaren ondoren, orain abiaraziko diren kanpainak Ostalaritza/Jatetxe eta Kulturako Bilboko Bonuei dagozkie, eta, lehenengo etapa honetan, bi sektore horietako establezimenduek kanpainarekin bat egin beharko dute.
Fase hori asteazken honetan, irailaren 8an, abiatuko da, www.bonobilbao.eus webgunea zabaltzearekin batera, non enpresek izena eman beharko duten. Gogoratuko duzuenez, oso erraza da plataforma horretara sartzea eta berau erabiltzea, eta aurrerago iritsiko den beste etapa batean (urritik aurrera), herritarrek bonuak eskuratzeko erabili beharko dute. Bonuek prezio eta ezaugarri desberdinak izango dituzte, sektorearen arabera.
Ostalaritzari dagokionez, irailaren 22an amaituko da kanpainarekin bat egiteko epea. Bestalde, kultura-sektoreak 2022ko otsailera arte izango du horretarako aukera. Ostalaritzako eta kulturako Bilboko Bonuen aurreko kanpainetan parte hartu zuten establezimenduek mezu elektroniko bat jasoko dute, edizio honetan parte hartu nahi ote duten baieztatzeko, eta ez dira berriro erregistratu beharko.
Era berean, galderak eta kontsultak egiteko aukera dago bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoan eta 94 420 53 95 telefono-zenbakian (ordutegia: 09:00etatik 14:00etara).
ATXIKI DAITEZKEEN KULTURA-ENPRESAK:
Ikuskizunak aretoetan, lokaletan, aire librean eta ikuskizunak antolatzen dituzten enpresak; liburuen, egunkarien eta abarren txikizkako merkataritza, zinema-aretoak eta bideo-filmen alokairua. Arte-galeriak, liburutegiak eta museoak. Margolari, eskultore, zeramikari, artisau, grabatzaile eta antzeko artistak. Honako salgai hauen txikizkako merkataritza: musika instrumentuak eta horien osagarriak, zigiluak, txanponak, oroitzapenezko dominak eta bildumazaleentzako billeteak, artelanak, antzinako objektuak, mineralak…
Honako produktu hauek Kultura Bonutik kanpo geratuko dira: papergintza-produktuak; informatikako eta elektronikako ekipamendu, software eta kontsumigarriak; jokoak eta bideo-jokoak, bai eta ikasteko testuliburuak eta testuliburu profesionalak ere.