-
Neurri berria, Udalean ordezkaritza duten talde guztiekin adostuko da, eta 877.000 euroko aurrekontua izango du txikizkako merkataritzari, zehazki, arropa eta zapaten eta larruzko produktuen sektoreari emateko
-
1.000 eta 1.500 euro arteko laguntzak izango dira, lanpostu-kopuruaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituenekin uztartu ahal izango dira. Bilbok, une honetan, tipologia horretako 861 establezimendu ditu
Bilboko Udalak txikizkako merkataritzari zuzendutako laguntza zuzenen beste deialdi bat onetsi du gaur. Zehazki, arropa eta zapaten eta larruzko produktuen sektoreari zuzenduko dizkio, Covid-19aren osasun-krisiagatik kaltetuenak izan direla uste baita.
Proposamen hau Bilbao Aurrera 2021 Planaren Jarraipen Batzordean planteatu da, eta batzordea osatzen duten talde guztiak ados agertu dira (EAJ/PNV, PSE-EE, EH/Bildu, Podemos eta PP).
Aparteko neurri berri horrek bat egingo du COVID-19aren aurkako planean jasotako ekintza eta aurrekontuarekin. Guztira, 15 milioi euro baino zertxobait gehiagoko aurrekontua du.
Gaur onetsi den laguntza zuzenen poltsak 877.000 euro izango ditu, eta Eusko Jaurlaritzak emandakoen osagarri izango dira. Udalak bideratuko dituen laguntzen kopurua 1.000 eurokoa izango da 1 eta 9 enplegu arteko plantilla duten saltokientzat eta 1.500 eurokoa 10 langile baino gehiago dituztenentzat.
LAGUNTZA OSAGARRIAK
1 eta 9 langile artean: Bilboko Udalaren 1.000 euro (+ Eusko Jaurlaritzaren 4.000 €) = 5.000 €, GUZTIRA.
10 langile edo gehiago: Bilboko Udalaren 1.500 euro (+ Eusko Jaurlaritzaren + 4.500€) = 6.000 €, GUZTIRA
Gaur egun, laguntza-sorta jaso ahal izango duten tipologia horretako 861 establezimendu daude Bilbon, gutxi gorabehera (EJSNren arabera).
Neurri berriak datorren hilabetean zehar jarriko dira indarrean.