- Egun horretatik aurrera, edukiontzi marroian, dagoeneko jasotzen zirenez gain (hau da, landare-jatorri dutenak), honako hauek ere bota ahalko dira: haragi-, hestebete-, arrain- eta itsaski-hondakin gordinak eta kozinatuak, hezurrak, gazta, arrautza-hondakinak eta beren azalak
Bizkaiko Foru Aldundiak hondakin organikoak tratatzeko sistema aldatu du, eta martxoaren 1etik aurrera, edukiontzi marroian, haragi- eta arrain-hondakin gordin nahiz kozinatuak ere bilduko dira. Aldaketa hori beste urrats bat da halako hondakin-mota birziklatzeari begira bilketa areagotzeko. Ildo horri eutsiz, helburuak bete nahi dira eta, besteak beste, Lea Artibai eskualdean, hainbat proba eta alderaketa egin dira, kalitatezko konposta egite aldera, kalitatezko parametroak bermatzeko. Dena den, prozesu horrekin batera, Bizkaiko Konpostegia izeneko tratamendu-planta egokitu da eta, aldi berean, tratamendu-aukera teknologiko berriak bilatu dira. Zeregin horri esker, hurrengo hilabeteetan Berriatua, Getxo eta Igorre udalerrietan eskualdeko konpostatze-planta berriak ipiniko dira.
Hala, martxoaren 1etik aurrera, edukiontzi marroian honako hauek bota ahalko dira:
- Animalia-hondakin kozinatuak edo gordinak (haragi-, hestebete-, arrain- eta itsaski-hondakinak, arrautza-hondakinak eta beren azalak, hezurrak zein gazta).
- Landare-hondakin kozinatuak edo gordinak (fruta-hondakinak, barazkiak, lekaleak, pasta eta arrozak, haziak).
- Lore- eta landare-hondakinak, baratze-hondakinak, belarra eta inausketa-hondakinak.
- Kafe-hondarrak eta -iragazkiak, te-poltsak, ogi-hondakinak, galletak eta opilak, fruitu lehorrak eta beren azalak, fruta-hezurrak eta kortxo naturaleko tapoiak.
- Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak, kartoizko arrautzontziak eta uhin-kartoi zikina (guztiak materia organikoarekin bustiak).
- Broxeta eta bestelako elikagaietarako makilak, izozkien makilak eta antzekoak.
- Txikoria, algak, alpistea, karameluak eta gozokiak, zerealak, irina, marmelada.
- Poltsa, ontzi eta tresna konpostagarriak.
Informazio-kanpaina
Garbiker foru sozietate publikoak martxoaren 1etik aurrera materia organikoaren tratamenduari buruzko informazio guztia emango du bere webguneko atal berrian.
Aldi berean, Garbiker sozietate publikoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat hasiko dute, batetik, hondakin organikoak biltzean animalia-hondakinak sar daitezkeela jakinarazteko, eta bestetik, herritarrak halako hondakinak birziklatzeak dakartzan onuren inguruan sentsibilizatzeko.
Kanpaina hedabideetan garatuko da, baita arrandegi, harategi eta Bizkaian kokatzen diren supermerkatu-kate desberdinetan ere. Ekimenaren inguruko kartelak ipiniko dituzte, establezimenduetako bezeroek martxoaren 1etik aurrera edukiontzi marroian bota daitezkeen hondakin organiko guztiak ezagutu ditzaten