Aldundiak foru arauaren aurreproiektu bat onartu du, zerga-pizgarri handi bat ezartzen duena urtarrilaren 1etik aurrera Batuz ezartzen duten enpresentzat eta profesionalentzat. Urriaren erditik aurrera, enpresek eta profesionalek Eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuarekin ohitzen joateko probak egin ahal izango dituzte, hori baita Batuz-en ondoriozko aldaketa handiena negozioak kudeatzeari lotuta.
Arauaren helburua da enpresak eta profesionalak Batuz borondatez ezartzera bultzatzea, baina inolako betebeharrik ezarri gabe Covid-19ak eragin duen pandemiak ekarritako krisi ekonomikoaren ondorio txarrenak bizi dituzten zergadunei. Izan ere, zergadunek eskatuta, Batuz-en ezarpena ez da nahitaezkoa izango 2024ra arte jarduera ekonomikoak dituzten Bizkaiko pertsona guztientzat (fisikoak edo juridikoak).
Batuz sistema Foru Ogasunak proposatutako metodologia erabiliz borondatez ezar dadin bultzatzeko, zergadunek PFEZren edo sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarria murriztu ahal izango dute. Zenbat eta arinago ezarri Batuz harik eta handiagoa izango da konpentsazioa; urtarrilaren 1etik aurrera ezartzen dutenek % 15 murriztuko dute 2022 eta 2023 ekitaldietako zerga-oinarria. Apirilean ezartzen badute, konpentsazioa % 13koa izango da, eta urrian ezartzen badute % 9koa. Konpentsazioen taula bat eta aplikatzeko simulazio bat erantsi dira.
Baina konpentsazioez gainera, 2022 eta 2023ra luzatzen da sistema informatikoak egokitzeko edo ekipamendu berriak erosteko asmoz profesionalek edo enpresek egin dituzten gastuetan kenkaria aplikatzeko indarraldia. Kenkaria bateragarria izango da aurreko konpentsazioarekin; egindako gastuaren % 30ekoa izango da eta PFEZren edo sozietateen gaineko zergaren kuotatik kenduko da.
Foru Arauaren Aurreproiektua Batzar Nagusietan aurkeztuko da, Legebiltzarrean izapidetu dadin. Aurreproiektuak Batuz borondatez ezartzeko zortzi data ematen ditu, hiruhileko bakoitzaren hasierakoak guztiak. Halaber, bertan ezartzen da zergadun bakoitzak aldez aurretik jakinarazi beharko diola Foru Ogasunari Batuz sistema ezarri nahi duela.