Bizkaia Aurrera Kultura Bonua Kutxabanken webgunean eta bere sarrerak erosi eta jasotzeko terminalen sarean eskuratu ahal izango da 2020ko irailaren 14tik 2021eko maiatzaren 24ra bitartean. Bi bonu mota dira, 15 eta 25 euroan salgai jarriko direnak eta 40 euroko balioagatik trukatuko dira. Bonu hauek irailaren 14tik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean erabili ahal izango dira soilik programari atxikitako establezimenduetan. Ekimenak Kutxabank eta CECOBIren laguntza jaso du.
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Aurrera Kultura Bonua aurkeztu du; programa hau CECOBIren eta Kutxabanken lankidetzarekin jarri da abian sektoreak bizi dituen une zail hauetan kulturaren kontsumoa sustatzeko. Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, bonu berri hau martxan jarriko dela iragarri du eta aurkezpen-ekitaldian berarekin Pedro Campo, CECOBIko presidentea, Kutxabankeko Bizkaiko sareko zuzendaria den Xabier Solaetxe, eta hainbat kultur diziplinatako artistak izan dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak Euskalduna Jauregian antolatu duen ekitaldian emanaldia eskaini dute Elai Alai konpainiak, Izaro abeslariak, Maribel Salas eta Mitxel Santamaria aktoreek, Idoia Ibarrondo eta Juan Infante idazleek eta Marion Desjaques BOSeko harpistak. Pertsona horiek guztiek 'kultura' hitza osatu dute, euren emanaldi bakoitzaren amaieran hizki bana jarriz, eta keinu horrekin kultura kontsumitzearen garrantzia irudikatu nahi izan dute.
Lorea Bilbaok, aurkezpenean, honakoa azaldu du, "BAKB Bizkaia Aurrera planaren barne aurkeztutako neurrietariko bat da. Kultura kontsumoa sustatzea dau helburu, eta finean bonoaren bitartez lortzen doguna da herritarrei kultura arloko produktuak eta ikuskizunak ordaintzerakoan deskontuak eskaintzea." Diputatuak gaineratu du "Kultura ekosistema oso bat da. Kultura bada enplegua ere, enplegu berezia gainera: intermitentea, profesional oso kualifikatuz osatua, enpresa txikiz eta autonomoz osotua. Kultura industria da. Kultura, besteak beste, aberastasun ekonomikoa dakartso gizarteari. Kultura inbertsinoa da, gizartearentzat ezinbesteko ondasuna. Horregaitik guztiagaitik, sektore honeri be lagundu egin behar deutsagu krisi larri hau gainditzen; eta erronka honetan oinarri-oinarrizkoa da guztion lankidetza, erakundeena, zalantza barik, baina baita herritarrona eta sektorearena berarena be, ezinbestekoa dogu kulturea kontsumitzea, bizirik iraun gura badogu behintzat."
Bizkaia Aurrera Kultura Bonua Programaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak kultur produktuen erosketa sustatuko du, horien euskarri guztietan. Horretarako, Bizkaia Aurrera Kultura Bonuak (BAKB) erosi beharko dira; bonuok Kutxabank finantza-erakundearen bidez jarriko dira salgai eta erabiltzaileek Bizkaian hainbat kultur produktu erosteko aukera izango dute.
Bonu hauek irailaren 14an jarriko dira zirkulazioan, bi modalitatetan:
A motako BAKB, 25 euroko prezioarekin, edozein motatako kultura-produktuetarako (B motako BAKBarekin eros daitezkeen produktuak eta zerbitzuak izan ezik). Kasu honetan 17.000 bonu jarriko dira salgai.
B motako BAKB, 15 euroko prezioarekin, berariaz euskarazko kultur produktuentzat, hala nola liburuak, musika, filmak, dokumentalak, jokoak, bideo-jokoak, museoak, zinema, antzerkia, dantza, kontzertuak eta musikalak,…eta Bizkaiko tokiko hedabideetarako harpidetzak ere sartzen dira. Kategoria honetan 9.800 bonu jarriko dira salgai.
Bizkaia Aurrera Kultura Bonu guztiek berrogei euroko balioa emango diote eramaileari kultur produktuak erosteko, bai eta museo eta zuzeneko ikuskizunetarako sarrerak eta kanpaina honi atxikitako establezimendu-sareko beste kultura-ekitaldi batzuk erosteko ere, baldin eta BAKB horiek kanpaina honen barruan dauden egunetan erosi eta erabiltzen badira. Informazio guztia hemen kontsulta daiteke: https://www.bizkaia.eus/BizkaiaAurreraKulturaBonua
BAKB horien prezioaren eta erosketa-balioaren arteko aldea Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko du horretarako ezarri den funts ekonomikoa agortu arte. Programa honetara 500.000 € bideratuko dira.
Bonu hauen salmenta Kutxabanken webgunearen eta sarrerak erosi eta jasotzeko terminalen sarearen bidez egingo da. Kontsumitzaile bakoitzak kategoria bakoitzeko 4 BAKB erosi ahal izango ditu. Bonuak 2021eko maiatzaren 24ra arte erosi ahal izango dira, eta bakarrik erabili ahal izango dira programari atxikitako establezimenduetan, irailaren 14tik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean.
Iturria: Foru Aldundiaren Prentsa Eremua