- Bilbao Aurrera 2021 Planak 15 milioi euro baino zertxobait gehiago izango ditu salbuespenezko 43 neurri aplikatzeko. Nagusiki urteko lehenengo seihilekoan aplikatuko dira gehienak. Aurreko ekitaldian pandemia piztu zenean abiarazitako estrategiari jarraikiz, Bilboko Udalak COVID-19agatik gehien kaltetutako sektoreei lagundu nahi izan die krisialditik ahalik eta arinen suspertzeko proiektu estrategikoak landuz.
- Kohesio soziala eta pertsonak dira ardatz estrategikoak, bai eta hirian ekonomia eta enplegua zein kultura berraktibatzea ere.
Bilboko Udalak aparteko beste plan bat martxan jartzea onetsi zuen pasaden ostiralean. Bertan, Covid-19ak gure hiriari eragin dizkion ondorioei aurre egiten jarraitzeko talka-neurriak zehaztu dira. Plan Bilbao Aurrera 2021 du izena, eta iaz, pandemia mundu osoan zabaldu zenean, bultzatu zen planaren —“Bilbao Aurrera 2020”— jarraipena da.
Oraingo dokumentuan, aurrekoan bezala, ekintza-sorta oso bat dago (batzuk errepikatu egiten dira eta batzuk indartu dira), eta lehentasunezko helburua hirian kohesio soziala eta kultura, ekonomia zein enplegua berraktibatzea izango da, birusak gehien zigortu dituen sektoreak baitira.
Guztira, aparteko 43 NEURRI bilduko ditu, 15 MILIOI EURO (15.106.875 euro) baino zertxobait gehiago duen aurrekontuarekin, 2020. urteko 15 milioi euroen antzekoa, baina nagusiki aurtengo LEHENENGO SEIHILEKOAN kontzentratuko dela kontuan hartuta. Ekimen horiekin batera, aparteko laguntza zuzenen deialdi gehiago abiarazi ahal izango dira, beste administrazio batzuen neurriekiko osagarriak, pandemiaren bilakaeraren eta sektore ekonomiko zehatz batzuetan duen eraginaren arabera.