Bizkaiko Foru Aldundia enplegu-programen belaunaldi berria abian jartzen ari da; programa hauek laguntza eta esperientzia profesionalaren aldeko apustua egiten dute langabeak enplegagarritasun hobea duten sektore eta profiletara bideratuz.
Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren ekimenez berriki enpleguari buruzko hiru foru dekretu onartu dira, 12,5 milioi eurotik gorako inbertsioa dakartenak eta gure Lurraldean enplegu-politikak berritu eta indartzen dituztenak.
Dekretuak hauek dira, hurrenez hurren: okupagarritasuna eta enplegagarritasuna sustatzen duena (Lan Berri, Gazte Enplegua eta 3R Gaztea programak), 4.704.118 eurorekin; langabeentzako birrorientazioa eta birkokatzea lortu nahi duena Behargintza Enplegu eta Toki Garapeneko Zentroen eta toki erakundeen bidez (3R Tokiko Enplegua Programa), 833.000 eurorekin; eta ekimen ekintzaileak sustatzen dituena (autoenplegurako, enpresa-transmisiorako eta enpresa-kontsolidaziorako programak), 7.097.000 eurorekin.
OKUPAGARRITASUNA
Okupagarritasuna sustatzeko lehen dekretuari dagokionez, Lanberri programa garatzen duen lehen linea bat du; horren bidez iraupen luzeko langabeei, 45 urtetik gorakoei, kualifikazio txikiko pertsonei eta desgaitasuna duten pertsonei enpleguan laguntzeko ibilbide integralak ezartzen dira. Programak lan-orientazioa eta -aktibazioa, enpresen premiei lotutako 60 eta 600 ordu bitarteko prestakuntza eta laneratzea barne hartzen ditu, eta laneratzeari dagokionez gutxienez %15eko konpromisoa du. Linea horretako inbertsioa 2,6 milioi euro baino gehiagokoa da eta emakida-araubidea norgehiagoka da.
Bigarren lineak Gazte Enplegurako Programa garatzen du; horren bidez 30 urtetik beherako gazteei enplegura igarotzen laguntzeko ibilbide integralak ezartzen dira. Programak, aurreko linean bezala, lan-orientazioa eta -aktibazioa, enpresen premiei lotutako 60 ordu eta 600 ordu bitarteko prestakuntza eta laneratzea jasotzen ditu, %15eko gutxieneko konpromisoarekin. Linea honetako inbertsioa 1,6 milioi eurotik gorakoa da eta, kasu honetan ere, dirulaguntzak emateko araubidea norgehiagoka da.
Hirugarren lineak 3R Gaztea programa garatzen du unibertsitatetik edo Lanbide Heziketako goi-mailako ziklotik etorritako gazteentzat. Erakunde onuradunak Bizkaian egoitza duten hiru euskal unibertsitateak eta LHko zentroak, euren elkarteen bidez, dira. Orientazioaren, zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntzaren edo berariazko tekniken bidez enpleguari laguntzeko programa da, gehienez 60 ordukoa, eta lan-bitartekotza eskaintzen du. Laneratzeko konpromisoa %20koa da. Linea honetako inbertsioa 500.000 eurokoa da, eta dirulaguntzak emateko araubidea ere norgehiagoka da, kasu honetan hainbanaketarekin.
TOKIKOA
Bigarren dekretuari dagokionez, Behargintza, Enplegu eta Toki Garapeneko Zentroen eta toki erakundeen bidez langabeei zuzendutako birrorientazio- eta birkokatze-neurriak abian jartzeko dirulaguntzak emateko oinarriei eta deialdiari buruzkoa, 3R Tokiko Enpleguaren programan zehazten da.
Programa honen bidez, udalen eta horien Behargintza zentroen bidez, udal- eta eskualde-errealitatea ondoen ezagutzen duten heinean, birrorientatzeko, gaitasun digitaletan birkualifikatzeko eta langabetuak birkokatzeko ekintzak garatzen dira. Programa honetako inbertsioa 833.000 eurokoa da. Dirulaguntzak emateko araubidea, dekretu honetan ere, hainbanaketadun norgehiagoka da.
EKIMEN EKINTZAILEAK
Hirugarren dekretuak, ekimen ekintzaileak sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdiak ematen dituenak, lau linea aurreikusten ditu autoenplegurako, enpresa-transmisiorako eta enpresa-kontsolidaziorako programetarako.
Lehenik eta behin, enpresa-proiektuak eta enpresa-transmisioko proiektuak sortzeko eta abian jartzeko aholkularitza- eta laguntza-ekimena abiarazi da, negozio-planak eta bideragarritasun-planak ezartzen laguntzeko. Aurreko urteekin alderatuta berrikuntza bat nabarmentzen da: enpresa-transmisioko proiektuetarako laguntza ere ezartzen da, eta egoitza Bizkaian duten euskal unibertsitateak negozio- eta bideragarritasun-planetan laguntzeko eragile gisa sar daitezke. Linea honek milioi bat euroko inbertsioa du, hau da, 100.000 euroko igoerarekin.
Enpresak martxan jartzeko eta sortzeko 5.000 eta 15.000 euro arteko laguntzak jasotzen ditu autoenplegurako programak. Berritasuna da onuradun izan daitezkeela gehienez lanaldiaren %40ko enplegua dutenak, bai eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente egoeran daudenak ere. Emakida-araubidea norgehiagoka da. Jarduera-linea honen inbertsioa 5.335.713 eurokoa da.
Enpresa-transmisiorako programak 5.000 eta 15.000 euro arteko laguntzak dakartza enpresa-negozioak erosteko. Konkurrentzia-araubidea, kasu honetan ere, norgehiagoka da. Jarduera-linea honen inbertsioa 107.000 eurokoa da.
Enpresak sendotzeko programa ekimen berritzailea da, eta bere helburua 2019ko eta 2020ko ekitaldietako autoenpleguari buruzko dekretuetan babestutako enpresen jarraitutasuna bultzatzea eta horien finkapena indartzea da. Kasu honetan xedea 2.000 euroko dirulaguntza ematea da enpresa-jarduera horiek finkatzen laguntzeko jarduera batzuk egiteko. Era berean, kasu honetan emakida norgehiagoka askearen bidez ematen da. Linea honetako inbertsioa 1.000.000 eurokoa da.