Azaroaren 25a "Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna" dela eta, Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpen instituzionalean gaitzespen irmoa azaldu du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurrean, eta honekin batera, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz lanean jarraitzeko bere konpromisoa adierazi nahi du, une honetan bereziki kontuan hartuta COVID19ak sortutako krisia eta haren ondorioak.
Krisiaren hasieratik, Jaurlaritza honentzat lehentasuna izan da emakumeen aurkako indarkeria matxista kasuetarako arreta-zerbitzuak funtzionamenduan mantentzea eta errealitate berrira egokitzea, bai eta biktima guztiek zerbitzu horiek eskuratzeko aukera izatea, haien aniztasuna kontuan hartuta. Baina, horrez gain, konpromisoa hartu du pandemiari eman beharreko erantzunean genero-ikuspegia modu integralean txertatzeko; izan ere, osasunean, ekonomian eta gizartean orohar eragina duen krisi honek guztioi eragiten badigu ere, modu ezberdinean egiten du: eta horren adierazleetako bat da emakumeen aurkako indarkeria, pandemia-garaian emakume askoren zaurgarritasun maila handitu baitu, behartuta egon baitira beraien erasotzailearekin konfinatuta edo ordu gehiago egotera.
Emakumeen aurkako egiturazko indarkeriak erronka handia dakar, eta Jaurlaritzak berretsi egiten du erronka honi erantzun egokia emateko duen erantzukizuna etengabeko hobekuntzan duen konpromisoaren bitartez. Konpromiso hori modu ezberdinetan islatzen da: Berdintasunerako euskal legea aldatzeko onartutako proposamen berrian, lehen aldiz Jaurlaritzaren barruan Berdintasun Sail bat sortzeko hartutako erabakian, edota sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazioaren eta aurrekontuen indartzean ere.
Halaber, dei egiten diogu gizarte osoari adi egon dadin emakumeen aurkako indarkeria-adierazpen mota guztiak antzeman ahal izateko. Emakunderen kanpainak dion bezala, adi dagoen gizarte batek bakarrik antzeman dezake indarkeria, batez ere ezkutuena. Horregatik, emakumeen aurkako indarkeria gaitzestera animatzen ditugu herritarrak, indarkeria honen aurkako sinboloa den puntu lila erabiliz, edo egokitzat jotzen duten beste moduren batean, betiere osasun-egoera eta protokoloak kontuan hartuta.
Azkenik, behar-beharrezkoa iruditzen zaigu gogoraraztea emakumeen aurkako indarkeriaren erroa emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza dela, eta, beraz, ezinbestekoa dela berdintasunean lan egiten jarraitzea emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraiki ahal izateko.
Iturria: Irekia Eusko Jaurlaritza