- Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, hiriburuetako udalek eta Eudelek sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dute abian "eskuak, maskara, distantzia. Denok dakigu nola saihestu"
Atzoko bileran, Lehendakaria buru duen LABIren Aholku Batzordeak onartu du joan den azaroaren 6ko Dekretuaren luzapena. Lehendakaritzan egindako bileraren osteko prentsaurrekoan, Osasuneko sailburuak adierazi duenez, neurriak eraginkorrak izaten ari diren arren eta pandemiaren joera-aldaketan islatzen diren arren, Euskadik birusaren transmisio oso altuko egoeran jarraitzen du. Horregatik, LABIk mugikortasuna eta gizarte-harremanak ahalik eta gehien murriztea helburu zuen azken dekretuan ezarritako neurriei eustea erabaki du.
Beraz, indarrean jarraituko du Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eta pertsona bakoitzak bizilekua duen udal-ingurunean pertsonak sartzeko eta irteteko mugak; gaueko ordutegian 22:00etan zirkulatzeko mugak; jarduera sozioekonomikoak 21:00etan mugatzeak edo ostalaritza-establezimenduak ixteak, besteak beste
Lehendakariak artikulu bakarreko dekretu bat sinatuko du bihar, aurreko azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuan hartutako neurriak baldintza beretan luzatzeko. Dekretua bihar bertan argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta larunbatean sartuko daindarrean.
Batzorde Teknikoak babesten duen erabakia da, eta horrek berresten du hartutako neurriak egokiak eta egoera epidemiologikoaren larritasunaren araberakoak izan direla. Neurriek eragin positiboa izaten ari dira, eta azken egunetako joeraren aldaketan antzeman daiteke. Gizartearen gehiengoaren erantzun ona faktore erabakigarria izan da horretarako, sailburuak adierazi duenez.
Hala ere, joera-aldaketa hori gorabehera, sailburuak gogorarazi du Euskadi Biziberri II Planean aurreikusitako bosgarren mailan dagoela, hau da, birusaren transmisio-egoera oso handian. Halaber, BUen Kontingentzia Planaren hirugarren agertokian jarraitzen dugula adierazi du.
SENTSIBILIZAZIO KANPAINA
Hori dela eta, birusaren hedapena geldiarazteko beste ahalegin bat eskatu dio euskal gizarteari.
Ildo horretan, Osasuneko sailburuak jakinarazi du sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi dela, euskal erakunde guztien babesarekin: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, hiriburuetako udalak eta Eudel.
Kanpaina horrek isla izango du gizarte-komunikabideetan, eta erlaxazio-egoerari aurre egitea du helburu, gaixotasun horrek pertsonak ospitalera, ZIUra edo heriotzara eraman ditzakeela gogoraraziz.
ZIU baten hondoarekin, kanpainaren leloa agertzen da: "Eskuak, maskara, distantzia. Denok dakigu nola saihestu ".