Euskadi Turismo Bonua gaurtik, apirilak 13, eta 2021eko abenduaren 31ra arte erabili ahalko da jatetxeetan, ostalaritza-establezimenduetan eta turismo-enpresetan. Pertsona interesdunek aukera izango dute kontsultatzeko zeintzuk diren programara atxiki diren enpresa eta establezimenduak (2.000 baino gehiago), honako webgune honetan: www.euskaditurismobono.eus. Bonu horiek deskontu-txartelaren ereduan oinarritzen dira eta hiru modalitate dituzte: bi ostalaritzako, jatetxeetako eta turismo-intereseko jardueretako establezimendu eta enpresetara bideratuak eta hirugarren bat turismo-ostatuetara bideratua.
Ez da beharrezkoa aldez aurretik erostea; aitzitik, aukeratzen dituzten eta programari atxikita dauden establezimenduetan eskatu beharko dira.
Bonu horiek Euskadin bizi diren edo beste leku batzuetatik bisitatzen gaituzten 18 urtetik gorako pertsona fisikoei aplikatuko zaizkie. Bonuak 3 modalitatetako deskontu-txartelaren ereduan oinarritzen dira. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzako, jatetxeetako eta turismo-intereseko jardueretako establezimendu eta enpresentzat dira, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako, hurrenez hurren. Hirugarren modalitatean, deskontua 20 eurokoa izango da, turismo-ostatuetan gutxienez 60 euro erosteko. Establezimendu bakoitzeko 2 bonu erosi ahal izango dira, gehienez ere 40 euroko deskontua pertsona bakoitzeko.
‘Euskadi Turismo Bonua’ Euskal Autonomia Erkidegoko mikro-enpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutakoak, hala nola: ostatu-establezimenduak; turismo-gidak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza- eta antolaketa-enpresa turistikoak; jatetxe- eta ostalaritza-establezimenduak; naturan kirol-jarduerak egiten dituzten enpresak, esaterako turismo aktiboa eta abentura-turismoa; turismo-garraioko enpresak; kultura-, gastronomia- eta natura-ondarea zabaltzen diharduten enpresak eta jolas-zentroak.