-
Udalek Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jardungo dute tokiko merkataritza eta beste zerbitzu-enpresa batzuk kontsumitzaileen eskubideen arloan sentsibilizatzeko
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak gaur aurkeztu dute Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak eta Euskadiko Udalen Elkarteak izenpetutako lankidetza-hitzarmena, enpresa txikietan eta pertsona ekintzaileetan kontsumoaren arloko jardunbide egokiak sustatzeko.
Bi erakundeek izenpetu duten hitzarmenaren helburua da enpresetan kontsumoaren arloan jardunbide egokiak sustatzea, eta, horretarako, Kontsumobidek “enpresa-pakete” bat sortu du merkataritza-lana kontsumitzaileei berme osoak emanez garatu ahal izateko informazioa eta tresnak biltzeko. Pakete horri kontsumitzaileekin harreman zuzena duten enpresei eta ekintzaileei, adibidez, saltokiei, zerbitzuei eta abarri, zuzendutako formakuntza-modulu batzuk ere gehitu zaizkio.
Kontsumo arduratsua sustatzeko eta kontsumitzaileen eskubideen defentsa bultzatzeko, ezinbestekoa da eragile ekonomikoen eta, bereziki, merkataritza-establezimenduen eta zerbitzu-enpresen konpromisoa. Udalek harreman estua dute tokiko ekonomiarekin eta merkataritzarekin, eta funtsezko eginkizuna betetzen dute, beraz, ETEak eta ekintzaileak sentsibilizatzearen eta horiei laguntzearen arloan. Sektore horiek funtsezkoak dira Kontsumobidek eta EUDELek partekatzen dituzten helburuak betetzeko, eta horregatik da hain garrantzitsua erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza.
Hitzarmen hau sinatuta, Kontsumobidek kontsumitzaileen eskubideen arloko prestakuntza-modulu bat eta materialak jarriko ditu EAEko udalen eskura. Horrela, udalek informazioa elkarteetara eta udal-mahaietara hedatuz eta ikastaroa euren udalerrian bideratuz eta antolatuz lagundu dezakete.
EUDELek, bere aldetik, hitzarmena dagoela jakinaraziko die udalerriei, interesa duten udal guztiek ikastaroa eskaini ahal izan dezaten. Ikastaroa eskatu ahala emango da, eta udalerri bakoitzaren premietara egokituta. Kontsumobidek doan eskainiko ditu material guztiak eta prestakuntza-ikastaroak emango dituzten langileak.