Udalerriko merkataritza eta ekonomia jarduera berreskuratzeko helburu nagusiarekin, Sopelako Udalak erosketa-bonoen dirulaguntzarako lehen deialdia ireki du, horrela Sopelako merkataritza, ostalaritza eta enpresa jardueraren sustapenari lagunduz.
Honela, bihar, ekainak 5, ostirala, koronabirusak sortutako osasun krisiagatik hain kolpatuak izan diren herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetako profesionalei zuzendutako kanpaina honetara atxikitzeko epea irekiko da. Epea ekainaren 5etik 14ra egongo da zabalik.
Atxiki ahal izango diren establezimenduak
Atxikitako erakundetzat hartu ahal izango dira edozein motatako merkataritza, ostalaritza eta enpresa establezimenduak, baldin eta, gehienez 10 langile izanik eta Sopelan kokatuta egonik, Sopelako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren erroldan alta emanda badaude. Sopelako Udalak ofizioz egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela. Atxikitzeko aukera izango dute, halaber, zenbait lege arrazoirengatik Sopelako JEZaren erroldan alta emanda egon ez arren, Sopelako Udalak emandako jarduera-lizentzia badute.
Eskaerak aurkezteko eta dirulaguntzak kobratzeko moduak
Atxikitzeko eskaerak Udalak modu telematikoan emango duen eredu edo inprimakia betez egin beharko dira.
Eskaera horiek Sopelako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, baita telematikoki ere, egoitza elektronikoaren bidez (https://sopela.egoitzaelektronikoa.eus), ekainaren 14ra arte.