Bidetxea, Pérez Toledo, Laespada, Riol, González, López, San Miguel eta Blanco
Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, eta Carolina Pérez Toledo, CEBEKeko presidentea, izan dira buru programa honen jardueraren irekiera-jardunaldian. DEMA – Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak jarri du abian lankidetza publiko-pribatuko programa hau. Programa CEBEK, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin eta bere sektorialak diren FVEM, AVEQ, CECOBI eta ASCOBIrekin jarri da abian.
DEMA – Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak Zubilan Plus jarri du abian, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatzen eta finantzatzen duen programa pilotua. Programa honen helburua zuzendaritza-profilak dituzten 45 urtetik gorako 24 langaberi laneratzeko laguntza integrala ematea da.
Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, eta Carolina Pérez Toledo, CEBEKeko presidentea, izan dira astelehen honetan Bilboko Euskalduna Jauregian egin den programari hasiera emateko jardunaldiko buruak.
Egitarauak bederatzi hilabeteko iraupena izango du eta 2022ko apirilera arte iraungo du. Programa hilabete honetan hasi da maila ofizialean, ekitaldi presentzial honekin; ekitaldi honetan erakundeetako eta enpresetako sustatzaile nagusiek hartu dute parte, baita parte-hartzaileek ere.
Laespada diputatuak nabarmendu du asmoa daukala Bizkaian senior talentuaren garrantzia ikusarazteko, eta lan-merkatuan duen lekua eta gauzatu gabe ditugun erronka eta trantsizioei egiten dien ekarpena aldarrikatzeko.
Gainera, azpimarratu du lan-indarra pluralagoa dela maila guztietan, bai adinari eta generoari dagokienez, baita jatorriari, esperientziari, kulturari, ikuspuntuei eta balioei dagokienez ere.
Bestalde, CEBEKeko presidenteak ohartarazi du, zorionez, 50 urtetik gorako pertsonek Euskadin COVIDaren aurreko enplegu-maila berreskuratu duten arren, ezin dugula inor atzean utzi.
Beraren ustez, enpresa belaunaldien arteko topagune bat da. Enpresa bakoitzaren barruan esperientziak eta gaztetasunak elkarrekin bizi behar dute eta elkar elikatu behar dute talentua eta sormena sortuz. Halaber, gehitu du enpresa-erakundeetatik eta Alduntitik zein DEMAtik senior talentua duten pertsonen aintzatespena sustatu nahi dutela.