Bizkaiko altzari eta etxeko ekipamenduen sektorearen eraldaketa digitalerako proiektua
CECOBIk eta Bizkaiko Altzarien Merkataritzako Elkarteak (AMUBI) gidatutako proiektu hau, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin, 2018an aurkeztutako Altzarien Sektoreko Plan Estrategikoaren ondoriozko lan-ardatzen barruan dago.
Helburua da sektoreko enpresei digitalizazio-prozesu osoan laguntzea, neurriak ezarri arteko estrategiatik eta ibilbide-orritik hasita, eta sektorea erreferentzia bihurtzea, eraginkortasunagatik eta bezeroengan oinarritutako ikuspegiagatik.
2021ean, zerotik eraldaketa digitala bultzatzeko estrategia eta ibilbide-orria zehazten hasiko gara. Horretarako, sektoreko enpresen laguntza izango dugu hainbat bileratan, sektoreari entzuteko eta haren heldutasun digitalaren egoera, beharrak, bertan lan egiten duten pertsonen ezagutza digitalen maila eta abar ezagutzeko.
Gainera, sektoreko enpresei heldutasun digitaleko test bat helaraziko zaie, eta test horren arabera, enpresak helburu-talde desberdinetan sailkatuko dira.
Azkenik, beharrezko estrategiak zehaztuko dira, planteatutako helburuetan, sektorearen ezaugarrietan eta sortutako helburu-taldeen ezaugarrietan oinarrituta.
Proiektua amaitzeko, enpresek 2022rako egin beharreko eraldaketa digitalera bideratutako ekintza-plan bat sortuko da.